Azucena Vieites

New Feminism seriea, 2008

Serigrafiak, tinta beltzez eta urreztatuz.
55 x 35 cm.
Ale-kopurua: 7.
13 marrazkiko instalazioa.

Azucena Vieites artistak Erreakzioa-Reacción kolektiboan parte hartzen du. Sormen artistiko, kultural eta aktibistarako espazio bat da, artea eta feminismoa faktoreen ingurukoa. 90eko urteen hasieran Artelekun hasi zenetik, pop kultura disidente batekin lotura duten iruditeria feministen ibilbide berritzaile nekaezina egin du.

New Feminism (2008) seriea, marrazkien instalazio bat da; irudiak trokatuak eta zatikatuak daude, eta forma horrek adierazten du diskurtso totalitario eta ortodoxoen aurka egiten duela. Testu batean dioen bezala, feminitatea ukatu baino haratago, aztoratu egin nahi du, emakume bilakatzearen normatibitate hegemonikoarekiko erresistentzia-estrategien bidez.

Artistaren obretan, askotan agertzen da collagearen halako poetika bat. Horrela, testuinguru ezberdinetako aurkako irudiez jabetzen da, eta berriro marrazten edo serigrafiatzen ditu, adiskidetasun eta konplizitate kritiko eta ludikoen espazio bat osatzeko. Aldi berean, garai garrantzitsu bat bilbatzen dute: baztertutakoa edo estalitakoa iruditeria publikoetan sartzen duten emakumeen eta identitate sexualen garaia.

Teknika serigrafikoen bidez, errepikatzearen baliabidea darabil artistak. Horri esker, originala izateak duen aura hutsalarazten du, eta, aldi berean, ustekabea denari norabidez desbideratze bat irekitzen dio. Baina, agian, zera melankolikoren bat goraipatzeko modu bat ere bada: desiratutako irudiak zaharkitzea gainditu nahia, arlo gehiagotan zabalduz eta beste afekzio eta irudi batzuekin topaketa gehiago eskainiz. Hona hemen artistak idatzitako zerbait: “Gai banintz, nire lanari buruz hitz egiteko, aipamenen eta pasarteen segida batez osatutako testu bat idatzi behar nuke, nire marrazkiak horixe direlako, bata bestearen atzean, batzuk besteen ondoan.”

Adierazpen-ekonomia arin batekin, batzuetan trazu soil bat edo ozta-ozta zirriborratutako irudi bat nahikoak ditu desplazamendu figural bat iradokitzeko, dokumentala denaren eta fikzionala denaren arteko muga porotsu bat iradokitzeko.