Sormen artistikoa eta literarioa, bere obra onenetan, iturri bat izan da eta da testuinguru sozio-historiko bakoitzean “balore demokratiko” deitzen ditugun horiek etengabe zalantzan jartzeko eta kultura bihurtzeko. Horrela, esaterako, antzinatean, Grezian, demokraziaren hastapenetan, jakina da Atenasko tragediak izan zirela historiako lehenengo kasu handia non baliabide poetikoekin hausnartzeko ahalmena erakutsi zuten. Baina tragediak zerbait gehiago ere izan ziren: paideiaren tresna liluragarri bat izan ziren. Paideia artekaritza pedagogiko eta katartikoa izan zen, hiritarrak hezitzen zituena eta, aldi berean, zentzuzkoagoak eta autonomoagoak bilakatzen zituena. Horregatik izan ziren tragediak bide aparta balore hiritarrak eta demokratikoak elkarri autoezartzeko. Mende asko beranduago, Italiako Errenazimentuko hirietan, arteek eta literatura-sormenak, berriz ere, izugarrizko egitekoa bete zuten, bai irudimena zein ezagutza garatzen, bai eta giza-baloreen oinarriarekin eraikitako espazio publiko bat sortzen ere. Modernitatea sortzeak berak ahalbidetu zuen balore demokratikoak garatzea. Balore horiek, beranduago, beste sintesi bat izan zuten Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean. Balore eta irudi demokratikoak aitortzeko eta zabaltzeko prozesu hori lagundu eta erraztu du sormen literario eta artistikoak. Eta ahalegin hori ez da amaitzen, baizik eta forma eta esangura berrien bidez eguneratu egiten da. Ondorioz, funtsezkoa da eskubide eta askatasun horien aitorpena ez dagoela behin betirako egina eta bermatua, baizik eta etengabe babestu eta berregin behar dela. Beraz, hau litzateke gizarte demokratikoetan kulturaren zereginetako bat: gizarte baten espazio publikoan soilik funtzionala eta instrumentala dena gainditzen duten irudiak berritzea, dimentsio ia hautemanezin bat agertuz, eta herritarrek era baikorrean hartzen dutela. Dena den, obra artistiko eta kultural garrantzitsuak paradoxikoak dira, gizartearen baloreak sendotu baina, denborarekin, baliogabetu ditzaketelako.
Sormen artistikoak bide benetako baten bidez araka dezake giza-existentziari buruz; lekukotasuna eman dezake; obrak sor ditzake non giza-taldeak bere burua ikusten duen; dagoeneko existitzen denak edo sortua denak mugatzen ez dituen forma eta esangura berriak sortaraz ditzake. Ekintza artistikoak ahalmen hori du pentsa eta bizitu daitekeenari buruzko figura berriak sortzeko, eta, ondorioz, lotura oso hestua dago sormen artistikoaren eta sormen demokratikoaren artean. Bi sormenek eman diezagukete subjektibotasun askeago eta burujabeago bat, zeinak ahalbidetuko digun esperimentatzea elkarbizitza, autonomia eta soziala den horren eratzea. Jakina da gai estetiko, etiko eta politikoak modu askotara eta ezberdinetara lotu daitezkeela elkarrekin; eta jakina da giza-praxiaren jakintza horien artean ez dagoela harreman garden adierabakarrik. Horregatik taxutzen du artista bakoitzak bere eraginkortasun estetikoa itzulinguruen, analogien, ikurren, enigmen, forma nahiz irudien sorreraren bidez; horiek guztiek zentzua eta zentzugabekeria lotzen baitute, publiko anitzaren harrerari dagokionez eta esanahiari buruz obra konplexuak eta irekiak sortzeko nahia dute-eta. Orduan, badirudi esan daitekeenaren, ikus daitekeenaren eta gerta daitekeenaren paisaia berri bat bersortzen dela, guk arte-lanak kritikoki hautematen ditugunean. Ordea, elkarrizketa horrek dimentsio misteriotsu bat edo zentzuaren hondar bat ere aktibatzen du, arrazoiaren bidez ezin duguna argitu, baina bizitu dezakeguna.
Rafaela Romero, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria izan da 2007-2011 legealdian, eta, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesarekin, gonbita egin zidan proposamen bat garatzeko demokraziarekin eta bere balore zein dilemekin lotura lukeen arte garaikidearen funts bat sortzeko. Orain arte bildutako obrek gai hauei buruz begirada eta jarreren sorta anitza adierazten dute: burujabetza feminista; demokrazia, memoria eta bere poetiken/politiken ideiaren jatorrizko esanahia; paisaia entropikoak eta sentsibilitate ekologikoa; eta lotura sozialaren eta bizitzaren bilakaeraren jatorrian dagoen indarkeria estalia eta giza-izatea. Aukeratuak izan diren obretan, irudi poetikoak, gailu eta metafora bisualak daude gai horiek jorratzeko. Obren egileak hauek dira: Ibon Aranberri, Txomin Badiola, Pello Irazu, Eduardo López, Paloma Navares, Iñaki Olazabal, Eugenio Ortiz eta Azucena Vieites. Funts txiki bat osatzen dute arte-lanek, eta elkarrizketa kritiko aratza ezartzen dute gure gizartearekin eta gaur egun dituen erronkekin. Etorkizunean, funtsa handi daiteke, artisten proposamen berriekin, ikerketa hori ez baita inoiz amaitzen. Arteak eta ekintza politikoak lagundu dezakete balore komunitarioak garatzen, ez izatetik; askatasuna eta aniztasuna errespetatuz; amankomuna den eratze hori etengabe birsortzeko beharrari buruz hitz egin diezagukete era diferituan.
Fernando Golvano