Gipuzkoako Batzar Nagusiek, izaera ibiltaria duten arren, 2007. urtetik aurrera egoitza iraunkorra daukate, beren historian lehenengo aldiz. Inguruabar horrek, itxuraz etxeari bakarrik dagokiona izanik, bai ikuspuntu instituzionaletik eta bai gipuzkoar herritarrekiko harremanaren ikuspuntutik foru-ganberak bere espazioa nola bete behar duen erabakitzeko hausnarketari eman dio bide.
Gure ustez, herritarren eta Batzar Nagusien arteko harremanak -azken hori ordezkaritza-erakunde izanik- helburu gisa eduki behar du ganbera honek lurralde historikoko gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren errealitatea islatzea, eta Gipuzkoako aniztasun politikoa bideratzeko eta ordezkatzeko balio izatea.
Alde horretatik, egoitzaren itxurapen arkitektonikoaren hautaketa bera ere gardentasunaren irizpideari jarraikitzen zaio; izan ere, alde batetik, kanpoaldearen eta barnealdearen arteko komunikazioa errazteko estaldura diafano bat hautatu zen, eta, bestetik, hitzari protagonismoa eman zitzaion, ekintza politikorako tresna den heinean; era berean, osoko bilkurak egiteko eraikinaren erdiko tarte nagusia hautatu zen, eta haren inguruan dago egituratuta erakundea.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan arte-bilduma bat sortzea erabaki zen, hain zuzen ere, demokraziaren baliorik garrantzitsuenak islatu eta adieraziko zituen bilduma. Erabaki hori beste mugarri bat izan da abiatutako bidean. Kultura edozein komunitateren adierazpen-tresnarik esanguratsuenetako bat da, eta baita ere balio batzuen isla argia, zeinetan identifikatzen baitira komunitatea eta bere erakundeak: elkarrizketa, indarkeriarik eza, askatasuna, berdintasuna, aniztasuna. Gipuzkoako ganberan, arte-lanei presentzia emanez, artisten, ordezkaritza duten kargu publikoen eta, jakina, gipuzkoarren arteko elkarrizketaren oinarria ezarri nahi izan da.
Gure herriko balio eta talentu gaztearen aldeko apustua egin dugu, horrekin foru-ganbera Gipuzkoako artearekin identifikatu dadin. Etxean bertan dauden lanen bitartez, gure gizarteak aurre egin behar dien arazo, zalantza eta erronkak iraunkorki agerian jarri nahi dira: genero-berdintasuna; memoria historikoa; agora, demokrazia eraikitzen deneko gune gisa hartuta...
Batzar Nagusien egoitzan ez ezik, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bitartez ere gustatuko litzaiguke honen berri jakin nahi duen edonork ikusteko moduan egotea. Lan guztiak erakundearen web-orrialdearen bidez ikusi ahal izango dira, eta, hala, zuzenean ezagutu obra bera, eta baita artistaren curriculumaren laburpena eta obrari buruzko zenbait iruzkin ere.