Argazki-muntaia, tablex gainean, beiraz estalia, ertz metalikoduna.
3 piezako seriea / 90 x 140 cm.
Ale-kopurua: 3.
Ibon Aranberrik, bere arte-proiektuetan, esku-hartze bat jasan duten paisaien ideia landu du bereziki, dela paisaia naturala dela hiritarra. Edozein paisaia eraikuntza sozial alegiazkoa delako, aztarnak, oroitzapenak, aldaketak eta erabilera ezberdinak agertzen dituena. Horregatik interesatzen zaio paisaien eskuratze/sortze horri forma ematea, gailu ezberdinen bidez. Irudi kritiko gisa erakusten ditu gailu horiek.´
Badirudi gailu edo instalazio horiek praktika artistikoa —prozesu ireki gisa ulertua— kartografiatzen dutela, nahiz eta dokumentu, maketa, objektu edo irudien bidez gauzatzen dituen. Artistaren proposamenek harreman eta tentsio kritikoak aktibatzen dituzte, eta horrek ahalbidetzen du beste era batera bizitzea tokiekin dugun harremana eta tokiei lotuta ditugun esangura, irudikapen eta afektu anitzak.
Domestic Landscapes izeneko triptikoan (2006-2007), Pirinioetan kokatutako urtegien irudi anitz bildu ditu. Politika hidrauliko baten oroitzapena jasotzen du; politika hidraulikoa erregimen frankistan obra publikoen ikurretako bat izan zen. Paisaia ezberdin bat nola aldatu eta modulatu duten agertzeko ikuspegi bat ere badu, naturala eta eraikitakoa harremanean jartzen dituena. Halaber, irudien sorta hori dokumentu kritiko bat da, sentsibilitate ekologistari lotua, garapenaren aldeko bultzada gaur egun berritu izanari buruzkoa, urtegi berrietan jarraitu baitu.
Artistaren hitzek diotenez, «lan hau aurkako toponimia batez ari da, anitza izan zitekeen eta esistitzen den toki bat. Horrela, abstrakzio bat bezala hauteman daiteke, itsasoa eta mendia. Toki zehatz bat, metaforikoki zabaldua. Pirinioetako bailaren orografia aldatzen joan diren urtegien mapan eginiko ibilbide bat bezala. Paisaia urdin-berdeak, edo ezabatutako oroimenaren inguru alegiazkoak.
Kasu honetan, Esako urtegia hartu da adibidetzat (Nafarroa/Huesca). Toki eza gisa agertzen da, bere inskripzio geografikoaren ondorioz bakarrik deskribatutakoa.» Aurreko beste proiektu batzuk lotura handia dute honekin: Politika hidraulikoa (2004) eta Pirinioetako itsasoa (2006).