Eskultura-multzoa.
Eskultore gisa hasi zenean, arrasto komunitario bat nahi zuen ekintza estetikoa zuen gustuko, eta proiektu modernoaren kulturarekin ahaidetu zen. Geroago, hain tolesgabea ez zen hautemate batekin orekatu zuen boluntarismo hura. Düsseldorf-en izan zen ikasten, eskultura sozialaren defendatzaile izandako Beuys-ek sortutako eskolan. Horrek eta Olazabalen eskarmentuak lagundu zuten, geroago, jarrera autokritiko baterantz eta ez hain utopiko baterantz jotzea, arakatze formalari arreta handiagoa jarriz.
Piezak eta proiektuak sortzen jarraitu du Olazabalek. Lan gehienek seriearen poetika bati jarraitzen diote: pieza bakoitzak bere zentzua du, baina, aldi berean, beste piezekin harremanean esanahi‑sekuentzia baten osagai dira. Piezak taldekatu egiten ditu. Mota horretako lanak dira: Santutegiak, Maskarak, Zaintzaileak/Kamarak, Zuhaitzak eta Tantak/Malkoak.
Beste serie bat Oria ibaiaren ondoan ezarri zuen: ibilbide eskultoriko bat eratu zuen; ibilbide horrek mundu propio bat kondentsatzen du, adar sinbolikoez eta historikoez hornitua.
Beste eskultura-talde bat da Terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien oroimenez eta omenez (2007). Zinkez eginiko hiru piezek osatzen dute, formari dagokionez ia ezaugarririk gabeak, bat izan ezik: begien parean irekidura bat. Terrorismoa eta indarkeria pairatu duten pertsonen aniztasuna adierazten du. Figura abastraktuak dira, baina gizakien erreferentziari lotuak daude, baita neurrian ere. Justiziaren eta aitortzaren nahia agertzen dute. Eta kokatuta dauden moduagatik, begiraden elkar aurkitzea eta aurrez aurre jartzea agertzen dute. Eskultura‑lana Batzar Nagusien egoitza berriaren sarreraren ondoko lorategian dago; beraz, eraikinera doazenekin eta inguruan paseatzen ari direnekin elkarrizketa etengabea sor dezake.
Gainera, lan horren bidez, artistaren hitzetan, sinbolizatu nahi da espazioaren barrua eta kanpoa komunikatzen dituen toki bat, erakundearen eta gizartearen analogia egiten duena, aitortza eta elkarrizketa horretatik sortzen joan dadin oroimen publiko anitzagoa, irekiagoa eta elkartasun handiagoa duena.