Paloma Navaresek elkarrekintza purua egiten du zantzu feminista duen unibertso poetiko eta kontzeptualaren eta bere obra nahiz instalazioetan darabiltzan bitarte nahiz euskarri anitzen ikerketaren artean. Horrela, material industrial berritzaileen bidez, edo gailu bisual eta soinudunen bidez, formen sormen berezia egiten du, oroimen luze eta konplexuko kultura bat gogorarazteko.
Errekarriak (2003) eta Nire lorategiko loreak (2006) lanei Eskaintzak izena eman die.
Errekarrietan hainbat idazleen testu edo erreferentziak daude jarrita: Virginia Wolf, Paul Celan, Anne Sexton, Alejandra Pizernik, Alfonsina Storni, Omar Jayyam, Asara Kofma edo Sylvia Plath. Irudi batean batzen ditu oroimen asko: adierazpide bereziak, denborazkotasun heterogeneoak eta ez dauden existentziak; eta irudi horretan emozionala dena eta kontzeptuala dena laburtzen dira. Ibilbide erral edo alegiazkoen errekarriak dira, ibilbide iraunkor edo iragankorrenak; azken batean, desiratuak.
Samurai baten andrea (2008) seriea Nire lorategiko loreak lanaren jarraipena da, eta hau agertzen du: orkidea misteriotsuen zatiak, eta emakumeen irudiak; emakumeen existentzia anonimoa gizonaren zaintzaren menpe dago, kasu honetan, samurai batenaren menpe. Horrek ahalbidetzen dio emakume izatearen ezaugarri nabarmen bat biltzea: eremu publikotik baztertua izatea. Artistak, bere lanetan, badirudi jakinduria poetiko bat mugitzen duela arima nahiz gorputzaren joeren ikerketa antropologiko batean; edo malenkonia kritiko moduko bat, zeinak bersortzen duen edozein gizakiren existentzia tragikoa.
Eta existentzia hori ez al da labirinto bat non, betirako irteera ezin aurkiturik, bide berriak asma ditzakegun beste esperientzia batzuk izateko? Hori litzateke artistak, bere obretan, beti irekia uzten duen galdera.