Teknika mistoa. 101,7 x 151,4 bakoitza.
Txomin Badiolaren triptiko hau Moisés Pérez de Albeniz aretoan egin zen Una cantidad exacta de fracasos (2007) izeneko erakusketan aurkeztu zen.
Izen horrekin zehaztu zen egoera arazotsua, obrarena berarena nahiz obraren eta egilearen arteko harremanarena, eta baita obraren eta hartzearen artekoarena ere. Poetika honek esangura irekia duten alegoria-zatien antolamendua lehenesten du obraren eredu klasikoaren aurrean, zeinaren esangura osatuta eta itxita geratzen baita; hala, poetika horri esker, indarkeriaren eta zibilizazioaren arteko harremanari buruzko kontakizun kritikoa eta paradoxikoa adierazten du.
“Forma txarren” joko batean ezarritako formen, irudi heteroklitoen eta testuen muntaiak istorio-instalazio batzuk osatzen ditu, artista honek maiz erabili ohi dituenak. Istorio horietan semiosi konplexua zabaltzen du testuinguru sozial eta historikoak berekin dituen erreferentzien bitartez, eta bereziki euskal errealitateari dagozkion testuinguruaren, rockaren eta sexuaren imajinagintzaren, subjektibotasunaren eta memoria autobiografikoaren eremuaren erreferentzien bitartez.
SERIE.IDS (2007) obra honetan, berriz ere aurreko instalazio batzuetan erabilitako materialak txertatu ditu, ikur ezberdinen magma bat balitz bezala: rock-taldeei buruzko erreferentziak, filmetako irudiak, komiki edo egunkarietako zatiak, literaturako edo filosofiako aipuak, gastronomiari eta errituzko krimenari buruzko erreferentziak… horiek guztiek Freud-ek Tótem y Tabú saiakeran aipatutako postulatuetaranzko hurbilketa bat osatzen dute.
Obra entzutetsu honetan giza familiaren jatorriaren funts soziala eta psikologikoa arakatzen du, zeinaren lehenengo forma primitiboa aita larderiatsu eta bortitzak gidatzen baitzuen. Totemaren eta aitaren arteko baliokidetasun sinbolikoari esker, esparru sozialaren, mitologikoaren eta erlijiosoaren funts paradoxikoa bideratuko litzateke, arau eta balio zibilizatzaileak sortzearen bidez. Jatorrizko ahaide-hiltzeak, gero mito sortzaile bihurtu zenak, horda primitibotik anaitasunezko hordarantz aldatzea ahalbidetu zuen. Mito hori berriz ere itzuli egiten da inkontzientearen ekintzapean, baina esparru sozialaren instituzioak indargabetu egiten du.
Blake-ren aipuak eta banda gorri eta berdeek mito unibertsal hori esangura lokaleko testuingurura bideratzen dute, nahiz eta hondar misteriotsu eta erabakiezinak artearen anbibalentzia ezgaraikoa ezagutzera ematen duen.